Sortu-Aralar. Patxi Zabaletak astelehenean elkarrizketa batean esan zuen Sortuk eta Aralarrek batera beharko luketela indar zabal batean, eta hara!: sartu da euskal kulturako kide ezagun bat Sorturen egoitza nagusian, Donostian, Zuatzun, eta “Rebekagatik” galdetu du. “Rebeka? Zer Rebeka?”. “Ubera”. “Ez da Sortukoa; Aralarrekoa da, eta EH Bildukoa”. “Ostra!, deskuidatuta etorri naiz hona. Banoa Igarara, Bildura”. Astearte arratsaldean pasatu zen. Neu lekuko.
Arkaitz Rodriguez. Nazional mailan hiru bozeramaile izango ditu Sortuk etziko kongresutik aurrera: Arkaitz Rodriguez (Ekintza Politikoko idazkaria), Miren Zabaleta (Nafarroako arduraduna) eta Pello Otxandiano (Herrigintzako idazkaria). “Nagusiki”, Rodriguez.
Gure Esku Dago. Bazkidetza aldetik pattal samar, eta diru iturrien beharragatik zozketekin hasi zen Gure Esku Dago. 71.262 boleto saldu ditu. Zakar pixka bat bildu du. Sari nagusia Zallara joan da; irabazlearentzat, 30.000 euro. Diru iturri berrietan pentsatzen dabil dinamika, anbizioarekin. Beharko du ahalmen ekonomikorik. Hango batek asteon: “Dago agenda bat!…”.
Sumate. Kataluniaren independentziaren aldeko gaztelaniazko hiztunen plataforma bat da Sumate. Procés hasi berria zela aurkeztu zuten: 2013ko urrian. Laster du beste hitzordu garrantzitsu bat. 700 bazkide baino ez dauzka, baina Kataluniako hedabide publikoek eta bestelako entitateek puztu egin dute. Estrategia bat badela ikusten da.♦
Azken iruzkinak