Kaleragunea. Larunbatean ireki zuten Kaleragunea, Usurbilen, eta urtarrilaren 8ra arte han egongo da euskal preso ohien ordezkaritza bat, txandaka. 30-35 ohatze daude, eta, txanda mota desberdinen bidez, lortu dute gaueko egonaldi denak ere betetzea. Ez da datu makala. Atzo eguerdian Kaleragunean zeuden preso ohi asko adin batekoak ziren; aspaldi hasi zuten borrokari amaiera duina eman nahi diote, ja hasita.
Legelariak. Berrehun legelari baino gehiagok kartzela politika “bidegabea” bukatzeko exijitu dute, urtarrilaren 14ko manifestazioan parte hartzeko dei egiteaz gain. Pauso gehiago emango dituzte juristek. “Konfrontazio juridikoa” eskatzen dute esparruko ahots esanguratsu batzuek.
Katalunia. Katalunian badatoz epaiketa eta inhabilitazio politikoak, badatoz deskonexio legeak… Talka bi subjektu politikoren artean. Eta Kataluniaren aldeko ezer egituratu gabe dago Euskal Herrian.
Euskal Herria. EAEko kanpainako esaldirik sakonena Maddalen Iriartek bota zuen: Espainia nolatan hartzen den erreferentzia modura. Iñaki Dorronsorok, berriz, joan den astean BERRIAn: “Eusko Ikaskuntzak mundua Euskal Herritik begiratzen du, ez Espainiatik edo Frantziatik”. Horixe, Euskal Herria aintzat hartzen dutenentzat, 2017rako ariketa nagusia.♦
Azken iruzkinak