Gure Esku Dago. Iruñean, Baluarte jauregian aurkeztuko du Gure Esku Dago-k gaur hamabost 2019ra arteko bide orria. Nafarroan indartu nahi du erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimendua, eta datozen egunetan herrialdean mintegi bat ere egitekoa da.
‘Kalera, kalera’. Abenduaren 10etik urtarrilaren 8ra izango da Kalera, kalera dinamika, euskal presoen eskubideen alde. 25 metroko karpa bat paratuko dute Usurbilen, eta egitaraua, mardula dator. Webean Kalera, kalera abesti ezagunaren bi bertsio jarri dituzte: Imanol Urbieta zenarena eta Fermin Muguruzarena. Euskal memoria kolektiboko kanta da. Asmatu dute izenarekin.
Inaxio Uria. Gaur 8 urte hil zuen ETAk Inaxio Uria Azpeitian, Loiolan. Atentatuaren tokitik Arrupe hotela ikusten da. 300en bat metrora dago, ibaiaren bestaldean. Arrupen bildu ziren, 2006ko udazkenean, EAJ, Batasuna eta PSE.
Nafarroako Ahal Dugu. Altsasun ospatuko du gaur Nafarroaren Eguna herrialdeko Ahal Dugu-k. Oportunista izatea egotzi dakioke. Baina Ainhoa Aznarez (Ahal Dugu) Nafarroako Parlamentuko presidenteak azken hilabetean egindakoa ere hor dago: Foro Sozialaren jardunaldia parlamentuan egin zedin erabaki zuen, tinko jarrita; eta atzo Altsasuko auziko gazteen gurasoak hartu zituen legebiltzarrak.♦
Azken iruzkinak