Gobernuaren kohesioa. Ikusi egin behar zer-nolako kohesioa lortzen duen Jaurlaritza berriak, bertan bi alderdi izanda. Hasteko, arraro samarra egiten da sail batean Enplegua egotea (EAJ) eta beste batean Lana (PSE-EE).
Jonan Fernandez. EAJ-PSE gobernu itunean Elkarbitza eta Giza eskubideak atalean konpromisoetako lehen puntuan ETAren “indarkeriaren amaiera ordenatua” ageri da. PSEk hauteskunde programan ez zeukan halakorik, EAJk bai. EBBk lortu du esaldi (kontzeptu) hori txertatzea akordioan, eta ematen dio garrantziarik. Jonan Fernandez atzo eta gaur inbestidura saioan izan da.
Otegi. Atzo arratsaldean Joseba Egibar (EAJ) bere lehen hitzaldia –ordu erdikoa– hastera zihoala, harmailetatik alde egin zuen Arnaldo Otegik. Bukatu zuen Egibarrek, eta Otegi orduantxe sartu zen berriro. Zergatia? Financial Times-ekin elkarrizketa egitera atera zen Otegi. Le Monde-rekin ere egin zuen atzo.
Senper. “Abstentzioa”, esan du Borja Senperrek bozketan. “Abstención“, PPko beste kideek –Laura Garridok nola esan duen ez dut entzun–. Duela urtebete Senperrek BERRIAko kazetari bati esan zion euskara ikasten ari zela, eta ea hurrena euskaraz egiten zuten elkarrizketa. Etxean egin dezake mintza praktikarik.
EH Bildu. Maddalen Iriartek inbestidurako bere hitzaldian %85 inguru euskaraz egin zuen. EH Bilduk diskurtsoaren kopia banatu zien kazetariei, eta lehen orrian goian ageri da, koalizioaren ikurraren ondoan: Bai Euskarari. Zerbitzua euskaraz. Egibarrek ere ia dena euskaraz egin zuen.♦
Azken iruzkinak