“Jaun-andere parlamentariak, Ipar Euskal Herriko hautetsiak, partidu politikoetako arduradunak. Denbora tarte mugatua duzue”. Hala ohartarazi zien Foro Sozialak urriaren 22an haiei Aieten, gatazkaren ondorioei buruz. Data zehatza aipatu zuen segidan: 2019a. Esanez abiatu dela EAEko legealdia, 2017 hasieratik martxan izango dela Iparraldeko Euskal Elkargoa, eta 2019ko udaberrian desegingo dela Nafarroako Parlamentua, (Hegoaldeko udal eta) foru bozen atarian. “Denbora tarte mugatua duzue”. Gure Esku Dago-k ere 2019a du buruan: ordu arteko bide orria aurkeztuko du datorren abenduaren 17an. Herri galdeketaren aldeko etxeko lanak 2017an eta 2018an egin behar, nagusiki. Rufi Etxeberriak ere bi urte horiek aipatu zituen duela hiru aste BERRIAko elkarrizketan: “2017a eta 2018a ezker abertzalearentzat oso garrantzitsuak izango dira. Batetik, prozesu subiranista indartzeko. Eta, bestetik, hura indartzen ari den neurrian gatazkaren ondorioetan ere urratsak egiteko”.
Foro Sozialak Aieten eragile politiko-instituzionalei esandakoak Gure Esku Dago-k ere esan ditzake lasai asko: “Erantzukizun politikoz jardutea eskatzen dizuegu, batzen zaituztena banatzen zaituztenaren gainetik jarriz. Gizarte zibil antolatuak babesa ziurtatzen dizue bide bateratzaile eta behin betikoa abian jartzea erabakiz gero”.
Gizarte zibil ‘antolatua’-n dago aldi honetako balio erantsia.♦
Azken iruzkinak