Gauza txiki batzuen atalarekin hasiko naiz, txioen, blog honetako iruzkin garatuen eta BERRIAko analisien aldean desberdina delakoan. Lehen alea:
Foro Soziala (I). Larunbatean izaera iraunkorra hartu zuen Foro Sozialak, Aieten agerraldia eginda. Gatazkaren ondorioen arloan “azken faseari ekiteko garaia” delakoan, euskal instituzioen eta gizarte zibilaren, eta nazioartearen arteko lankidetza nahi du, eta ETAri “lehenbailehen” armagabetzeko eskatu dio. Larunbatean BERRIAren sareko edukietan zortzigarren albiste irakurriena izan zen Aieteko ekitaldiarena. Euskal(dun) munduan ere garaia pasatzen ari da. Atxik!
Foro Soziala (II). Aieten indartsu ekin zion bide berriari Foro Sozialak, ostiral honetan Nafarroako Parlamentuan izango da, baina zuhurtziaz ere aritu nahi du: hedabideei elkarrizketarik ez ematea erabaki du. Komunikatzeko tresna bakarrak ez dira komunikabideak. Kasurako, barne komunikazioa formula eraginkorra da, baina egin egin behar.
Justizia-edo. Espainiako Justizia sistema ez dago treguan: Altsasukoa “terrorismotzat” har daitekeen ikertuko du Auzitegi Nazionalak. Hori, gaurko berria. Astelehenekoa: EH Bildu lehen aldiz joan zen EAEko urte judizialaren hasiera ekitaldira, Justizian arloan ere aurrera egiteko koalizioak berak daukan “borondatearen” erakusle modura. Kontrasteak.
Bozeramaileak. Eusko Legebiltzarreko taldeen bozeramaileak: EAJkoa Joseba Egibar, EH Bildukoa Maddalen Iriarte, Elkarrekin Podemosekoa Lander Martinez, PSE-EEkoa Jose Antonio Pastor eta PPkoa Borja Senper. Hiru euskaldun; lehen hirurak. Jarraipena egin beharko hiruren euskararen erabilerari. Txillardegik BAT aldizkarian (2002): “Lehenik kontzientzia sortzen da eta gero, pixkanaka, mugimendua etortzen da”.♦
Azken iruzkinak