EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek 57 legebiltzarkide izango dituzte Eusko Legebiltzar berrian, %76. Hirurek defenditzen dute printzipio demokratikoa: erabakitzeko eskubidea, galdeketa, herritarren borondatearen errespetua. “Baina hirurek gauza desberdina ulertzen dute erabakitzeko eskubideaz”, esan du gaur Jesus Egigurenek, Euskadi Irratian. Hirurek dituzte proiektu politiko desberdinak. EAJk, euskal estatua baino gehiago, Euskadi Europan nazio izatea nahi du, burujabetza partekatuarekin. EH Bilduk euskal estatua nahi du. Eta Elkarrekin Podemosek EAE, Espainia plurinazionalaren barruan. Maltzaga: nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea. Ordea, erkidegoko estatus politiko berrirako –hiru taldeek nahi dute “estatus” hori–, zehaztu beharko da zer esan nahi duen erabakitzeko eskubideak, gauza general batean edo ibilbiderik gabekoan ez geratzeko. Ahotsak mugimenduak zehaztu zuen 2006an, sorrera agiriko 2. eta 3. puntuetan:
“2. Proiektu politiko guztiak defenda daitezke eta defendatu behar dira, bat bera ere inposatu gabe. Bide politiko eta demokratikoak erabiliz, baldintza berdinetan, proiektu politiko guztiak garatu eta gauzatzea bermatu eta ahalbidetuko duen eszenatoki demokratikoa bilatu behar da.
3. Euskal gizarteak, Euskal Herriko hiritarrek, egungo marko juridiko-politikoa eraldatu, aldatu edo mantentzeko borondatea baldin badu, guztiok beharrezko diren berme demokratikoak eta adosturiko prozedura politikoak ezarri eta errespetatzeko konpromisoa hartu beharko genuke, euskal gizarteak erabakitakoa errespetatua eta gauzatua izan dadin eta, beharrezkoa balitz, erabaki honek lege araudian bere isla izan dezan”.♦
Azken iruzkinak