Kanpainako inkestek gehien harritu nautena PSE-EEri iragarri dioten beherakada da: duela lau urteko 16 aulkietatik (212.000 boto) 8-9ra. Beti ere parte hartzearen arabera, 115.000 boto inguru dira 8-9 legebiltzarkide horiek. 1979tik aurrerako emaitzei begiratu bat emanda, PSEk ia denetan foru hauteskundeetan baino emaitza hobexeagoak izan ditu ondorengo edo pixka bat lehenagoko autonomikoetan –hitzorduen hurrenkera beti ez da berdina izan–. Iazko maiatzean foru bozetan, eta jadanik Ahal Dugu bazela (sostengu esanguratsu batekin: %13,9), PSEk 147.000 boto lortu zituen (%13,8). PSOEren egoerak eragingo dio, baina forukoetatik behera ibiltzeraino bai eta, gainera, 8-9ra jaisteraino?
EAEko PP ere beheraka doa, inkestek diotenez, baina ez hainbeste: orain lau urteko 10etik, 7-8ra. Gerta liteke, nahiz eta UPDrik ez den eta C’s-k, ustez, ez arrankatu Araban ere. Hura ere, oro har, autonomikoetan hobeto ibili izan da forukoetan baino. Iaz herrialdekoetan –PPk estatuan ustel usaina latza zuenean–, 101.000 boto bildu zituen (%9,4).
PSE eta PP oraingo inkesta hauetan baino hobeto ibiltzeak nori egingo lioke kalte? EAJri? Edo haiek jaisteak, mesede? Hain zuzen, Urkulluk nora bota du kanabera? EAJk hauteskunde makineria itzela duela ere hartu behar da kontuan.♦
Azken iruzkinak