Hauteskunde programan EH Bilduk berak ere badio Gernikako Estatutua (1979-10-25) bete egin behar dela, falta diren 37 eskumenak jaso behar direla. EAJren arabera, 24 gai daude transferitzeko eta 8 daude betepen maila ezberdinetan. Zenbakiak zenbaki, handia da Espainiaren iruzurra lege organiko harekiko: Administrazio Publikoetarako Ministerioaren datuek diotenez, 1985era artean 66 eskumen eman zizkioten Jaurlaritzari, 1987an 7, 1993-2000an 25; eta Zapateroren azken legealdi bukaeran (2008-2011) EAJk –oposizioan zen Eusko Legebiltzarrean– 20 transferentziren akordioa lortu zuen, baina ez dira guztiak heldu. Ordea, haizeak eramandako hitzak hitz, EAEn zer mobilizazio politiko-instituzional egon da estatutua osorik betetzearen alde? Ezberdinen arteko akordiorik egon al da borrokatzeko?
Garaikoetxeak bere memoria politikoen liburuan pasadizo bat dakar gaiaz. 1980ko abenduan bi eguneko bisita egin zuen Espainiako gobernuburu Suarezek EAEra. Jaurlaritzako lehendakari, Garaikoetxea (EAJ). “Konplikatzen ari ziren negoziazioak, bereziki Kontzertu Ekonomikoarena eta Polizia Autonomoarena”, dio liburuan. Eta: “EAJren zuzendaritzak, guk haren erabakien berri izan gabe, bisitari benetako boikot bat antolatu zion kontrolpean zituen udal eta herrialde instantzietatik”. Bizkaiko eta Gipuzkoako 108 udalek jarduera eten zuten Suarezen bisitaldian, eta alkatetzek dekretua atera zuten. Madrili egotzi zioten udalen “altxortegi egoera kaotikoa”. Gipuzkoako Aldundia ere geratu zen, eta Bizkaiko diputatu nagusiak paso egin zion Suarez hartzeari, programan hala jarria zegoen arren –Marcelino Orejak zioenez, halako boikot bat behin soilik pairatu zuten: Libian, Gadafirekin–. Aldi berean, EAJren uri buru batzarrek Moncloara telegrama bana bidali zuten: “Suarez, ez zaitez etorri kontzerturik gabe”. EGIk kartelez josi zituen kaleak. Salaketa, beraz: Madril ez zela ari estatutua betetzen. 1980ko abenduan hori. EAJ barruan musika desberdinak zeuden ordurako.♦
Azken iruzkinak