Enekoitz Esnaola

“Malgutasuna”, Amaiurrekin salbu

Esaten ari dira CDCk talde propioa izango duela Espainiako Kongresuan, nahiz eta ez duen araudiko baldintza bat betetzen horretarako: aurkeztu zen herrialde guztietan ez zuen botoen gutxieneko %15a lortu. Baina PPk-eta ahalbidetuko omen diote talde parlamentarioa eratzea, bestelako kromo batzuen truke. Ez da lehen aldia izango baldintza denak bete gabe alderdi batek talde propioa izango duena. Iazko abenduko bozetan ERC eta CDC ez ziren heldu Bartzelonako probintzian %15era —%14,48 eta %13,25—, baina gero utzi zieten taldea eratzen. Joan den ekainaren 26an CDC Bartzelonan %12,26an geratu zen eta Tarragonan %13,72an, baina, dirudienez, utziko diote Kongresuan taldea izaten. “Malgutasuna” deitzen diote horri. Malgutasuna, nahi dutenekin daukate: 2011n Amaiur talderik gabe geratu zen. Zazpi diputatu lortu zituen Hego Euskal Herrian —gutxienez bost diputatu izatea da talde parlamentarioa osatzeko beste baldintzetako bat—, baina Nafarroan, diputatu bat erdietsi arren, %14,86an geratu zen, eta Kongresuko Mahaiak ez zion talde propioa izatea onartu. Amaiur saiatu zen Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko sei diputatuekin taldea osatzen —haietan gainditua zuen %15eko babesa—, baina ezer ez. 2011n bozak azaroan izan ziren —PPk gehiengo osoa Kongresuan eta Senatuan—, eta Amaiurren kontu hori 2012ko maiatzera arte luzatu zen; Auzitegi Konstituzionalak ere atzera bota zuen eskaera. Espainiako Estatuak ezker abertzale zibil eta zabalari mezu garbi bat eman zion: zuei (hor ere), ezer ez. Eta EAJ, txoriei begira halako injustizia kasu batekin (ere).♦

2 Comments

  1. Ibonp

    Ba PPk adibidez Gipuzkoan %9,63 lortu zuen.
    Hauekin ere legea ez da oso zorrotz betetzen

    • Enekoitz Esnaola

      Baina Espainiako Estatu osoan aurkeztu zen PP (CDC, Amaiur eta aipatutakoak ez bezala), eta Kongresuan talde propioa eratzeko estatuan gutxienez %5 lortu behar zuen, eta lortu zuen.

© 2024 Lerro batzuk

Theme by Anders NorenUp ↑