1. Azken hilabeteotan maiz aipatu da ezker abertzalea-euskara gaia. Lehengo ostiralean gai hori behin baino gehiagotan aipatu zuen Otegik Miramarren, EHUko Udako Ikastaroetan abertzaletasunaz emandako hitzaldian –Jakin eta Zuzeu ziren antolatzaileak–. Bakoitzari berea: larunbatean Sorturen batzarreko parte pribatua oso-osorik euskaraz egin zuten.
2. Otegirekin batera, belaunaldi berriak hartu du Sorturen “birfundazio” prozesua gidatzeko ardura. Zuzendaritza berriko hamabost lagunetatik 11, 40 urtetik beherakoak dira. Beste bi, 1972 eta 1974koak. Adin kontu hori larunbateko nazio batzarrean ere ikusi zen: ia 850 kide egon ziren eta, batez besteko adina 40 urtekoa izan zen. Ezker abertzalean bada belaunaldi bat politika egiteko zailtasunak eta trabak izan dituena, legez kanporatzeengatik eta errepresioagatik —eta askok ihesera jo zuten—, eta, ezker abertzalearen masa militantean gazteek protagonismoa beti izan duten arren, orain, modu antolatuagoan eta libreagoan, haien ahotsa nabarmenagoa izan ahal da.
3. Nolabait esanda, kartzelatik irten osteko bosgarren faseari ekin dio Otegik: opor egun batzuk, entzute faseko ekitaldiak –EAEko lehendakarigai izendatzearekin batera–, Espainiako hauteskundeetako jendaurreko presentzia diskretua, joan den asteko agerraldiak —Eusko Legebiltzarrean, Udako Ikastaroetan eta Sorturen batzarrean— eta orain EH Bildu. Hain zuzen, EAEko bozak arte Sortuko kide gisa azken agerraldi publikoa izan zuen larunbatekoa. Lehendakaritzarako hautagaitza biziki sustatuko du koalizioak, laster hasita.♦
Azken iruzkinak