Duela lau urte laSextari emandako elkarrizketa batean, Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiak: ”Guk ez genekien GAL zegoenik”, ”ETA bukatu egin behar da, eta, gerra bat dagoenean, gerra bat dago”, ”hil egiten duen jendearen aurka borrokatzen da [Espainiako] estatua [ere], eta gauza batzuk indarkeriarekin defenditu izan dira”. Bazekien zertaz ari zen; GALak GAL-eta, Moncloako maizterrekin ederki konpondu izan da Pujolen CiU. Judizialki, broma bat izan zen GAL auzia.
ETAk duela bost urte utzi zuen jarduera armatua, eta Espainiako Estatuari beste fronte bat zabaldu zitzaion: Katalunia. Orain jakin da Barne ministroa jo eta su aritu izan dela katalan independentistak ustezko ustelkeria kasuetan nahasten. Zein harritu da? laSextako bideo horren hasieran Felipe Gonzalez mintzo da: “Espainiako lurralde eta herri desberdinetako elkarbizitzari eusteko ahalegin iraunkorra egin behar da. Ezin da, azken urteotan probokatu den bezala, lurraldeen arteko inolako gatazkara jo”. 1993ko adierazpenak dira; artean Espainiako gobernuburu zen Gonzalez –GALen X jauna?—.
Atzo jakin zen Hasier Arraizen xake-mate auzia artxibatu egin duela EAEko Auzitegi Nagusiak, adierazpen askatasuna oinarrizko eskubidetzat jota. Autoak 7. orrian AEBetako auzi bati buruzko apaimena dakar, Kennedy epaileak esandako bat: “Gustatzen ez zaizkigun erabakiak hartu behar ditugu batzuetan, gogorra egin arren. Erabakiak zuzenak direlako hartu behar dira, legeak eta konstituzioak horretara eramaten gaituztelako”. Espainiako Justizia sisteman, ordea, estatu arrazoia nagusi da funtsezko auzietan. Hori berriro ikusiko da Barne ministroaren aferan ere; “lurralde gatazkarik” ez “probokatzeko”.♦
Azken iruzkinak