Portugalgo lehen ministroari egindako bisita esanguratsuan Pedro Sanchezek adierazi du han bezala gobernu “progresista” bat eratzeko asmoa duela –ikusiko dugu utziko dioten PSOEn bertan–. Iazko otsailean Lizarrustin Jesus Egigurenen eta Karlos Ioldiren arteko juntadizoa egin genuenean, mendi bueltaxka bat egitera abiatu aurretik aterpetxean salda bat hartzen ari ginela Pablo Iglesias agertu zen telebistan, eta Egigurenek zioen bere iritzian Sanchez izango dela Espainiako hurrengo presidentea, “hauek [Podemos] ez direlako gure aurretik geratuko”. Haren teoriaren arabera, euskal presoen auzian balegoke aurrerabiderik PSOEko gobernuburu batekin. “Presoen kontua nik uste dagoeneko estatu normal batean konponduta legokeela. Presidente berriak —jo dezagun Pedro Sanchez dela—, kargura iristeko, baten baten edo batzuen babesa beharko du, eta, dudarik gabe, [presoen] kontu honi kasu egiteko eskatuko diote. (…) Aldaketa bat izango da, ez beharbada formala eta aitortutakoa, baina egongo da zerbait”.
Gobernu hori balego, ezker abertzaleak modu inteligentean jokatu beharko luke. Hau da, eskakizun eta forma aldetik, suabe. Hor dabiltzanek diote.♦
Azken iruzkinak