Orain ez bezala, maiatzeko hauteskunde kanpainan —udal eta foruetakoan— Euskal Herrian izan zen Jose Mujica Uruguaiko presidente ohia, bikotekide Lucia Topolanskyrekin batera, eta, besteak beste, Iñigo Urkullurekin eta EH Bildurekin bildu zen. Egun haietako batean bete zituen 80 urte —maiatzaren 20an—, eta, egun hartan Juan Karlos Izagirrerekin-eta Donostiako Parte Zaharrean egindako afarian Zorionak zuri abestu zioten. Mujicak esan zien kantatzeko beste zerbait, yankie dela-eta hura. Kaxianoren Zorionak zure urtebetetzean abestu zioten, eta gustura geratu zen. Aurreko egunean Izagirrek Igeldon duen txabolan bazkaldu zuen, harekin eta bien bikotekideekin —ordukoa da argazkia—. Donostiako garaiko alkatea: “Natural-naturala da Pepe Mujica. Hori bai, beti erne egoten da eta ez ditu alferrikako hitzak erabiltzen. A!, eta ez du presarik izaten”. Topolanskyren jakituriarekin harrituta geratu zen Izagirre. BERRIA Izagirrerekin berarekin ia hiru orduz egon da txabola hartan, eta aste batzuk barru aterako dugu erreportaje zabal bat. Badu Pepe Mujicatik zerbait: naturala da.
(argazkia, Juan Karlos Izagirrek utzitakoa. 2015-05-19, Igeldo)
Azken iruzkinak