“Eustatek argitaratzen du zenbat ordaintzen duen estatuak hemen [EAEn]. Kalkulua egin dut, eta azken hamalau urteetan ordaindutakoa baino 15.000 milioi gutxiago jaso ditugu. (…) Balantzak oso argi daude, baina ez dakigunez geure burua defendatzen, ia ez da entzuten halako datu funtsezko bat. Nori bururatzen zaio halako estatistika garrantzitsua abuztuan argitaratzea, ohar huts batekin? Gure agintariek agerraldia egin eta azaldu beharko lukete hori, eta esan diet hori egiteko” (BERRIAko elkarrizketa). Pedro Luis Uriartek esan die hori “gure agintariei” (Jaurlaritzakoei, ulertzen denez), eta ez da edozein hura, frankismoaren osteko lehen Jaurlaritzan Ekonomia eta Ogasun sailburu izan zelako, eta garaiko kontzertu ekonomikoa hark negoziatu zuelako Espainiako Estatuarekin. Abuztuan argitaratu zen “halako estatistika garrantzitsua”, baina Uriarteren eskaera (oraindik?) ez dute kontuan hartu “gure agintariek”. Konfrontaziorako gogorik edo asmorik ez?
Moncloak Generalitateari 2012an itun fiskala ukatu zion garaian Katalunian subiranistak hasi ziren datu garrantzitsu bat zabaltzen: Katalunia estatu independentea balitz urtero 16.000 milioi euro gehiago edukiko lituzkeela. Baina utzi zioten itun fiskala eskatzen ibiltzeari. Estatu izan nahi dutela erabaki zuten.♦
Azken iruzkinak