Eneko Goia Donostiako alkateari gaur Kortxoeneaz galdetu dio Maite Artola kazetariak Euskadi Irratian, Faktoria saioan (2:30:00-2:32:10 tartean entzun daiteke): “(…) Tokirik badu Donostiako Udalak eraikin hura okupatu zuten gazteei eskaintzeko?”.
Ez dira Goiaren historiako bi minuturik onenak izan: “Bai. Zuk egiten duzun galderan dago erantzuna. Gure betebeharra da Donostian egon daitezkeen eskaera edo jarduera ezberdin guztiekin tratu berdintsua izatea. Hori da, hain zuzen ere, egiten diren eskarien aurrean erantzun dudana. Kortxoenea proiektua eraikuntza pribatu batean zegoen, eta han jabe bat dago (…), hark eskubide bat zeukan gauza bat egiteko, eta hori udalaren aldetik horrela da eta gutxi dago esateko. Hortik aurrera hor barruan ematen diren jarduerak interesgarriak izan daitezke, nik hori ez dut ukatzen; niri ondo iruditzen zait ekimenak egotea, zergatik ez? Baina guk dauzkagu dauzkagun baliabideak, eta mugatuak dira, eta eskain dezakegu egiten diren jarduerak gure kultura sarean ditugun baliabideekin ahal den moduan erantzuten, aukerak eskainiz, eta horretan irekita gaude. Eta gero udalarenak diren lokalak emateko orduan, gure obligazioa da jardutea ahalik eta kriterio objetiboenekin, eta guk gaur 95 lokal eskatzaile ditugu gure hirian, (…) ezin erantzunik [gaude], (…) eta nik ez dut ikusten arrazoirik edo ez litzaidake bidezkoa irudituko momentu honetan 95 horiek bazter batean utzi eta honi [Kortxoeneari] halako preferentzi tratamenduren bat eman behar izatea”.
Bistan da: udalak Kortxoenearen auzi sozial honetan “gutxi” du esateko; “baliabide mugatuak” ditu (bai?; Tabakalera nola bete ez daki); udal kultur sarean txertatzeko aukera baino ez die ematen; “kriterio objetiboenak” erabilita 95 lokal eskatzaile horiek(-eta) bazterrean utzita Anoeta bezalako lokal tzar eta berri batean udalak berriro milioak gastatuko ditu jabe pribatu baten mesedetan… Bukaeran dago arrazoia: ez da udalaren lehentasuna Kortxoenea. Gizarte eredu desberdinen talka Europako Bizikidetza Hiriburua izateko bezperatan.♦
Azken iruzkinak