“(…) Berriki bizikidetza eta pertsonen egiazko askatasun eraginkorra murrizten zuten baldintzatzaile totalitariorik izan gabe, gizarteak res publikoaren kudeaketan parte hartze handiago bat eskatu eta galdatzen du, legezko berme guztiekin hiritar borondatearen egikaritze libre eta demokratikoari bide emango dioten demokrazia zuzeneko formulen bitartez. (…) Europako beste udalerri batzuen jurisprudentziak eta eskarmentu munizipalistak parte hartzeko gune berri bat ireki dute lotesleak ez diren eta erreferendum ez diren herri kontsulten bitartez, non udalek herritarrek udal politikei buruz duten iritzia kontsulta dezaketen”. Eta Hiritar Kontsulten Erreglamendua onartu zuen. Donostiako Udalean. Joan den apirilean. Lau udal taldeek, aho batez: Bilduk, PSE-EEk, PPk eta EAJk.
Gaur egun Euskal Herrian askatasun egoera badago, gizarteak res publikoan parte hartze handiagoa eskatzen badu, erakunde publikoek kontsultei lege babesa ematerik badute, herritarren borondatearen berri izateko tresnak —demokrazia zuzeneko formulak— badaude eta Europako herrialde aurreratuenen pare jartzerik badago, EAJk, PSEk eta PPk —Donostian Hiritar Kontsulten Erreglamenduaren alde azaldu ziren haiek— zergatik botako lukete atzera EH Bilduren Herritarrak Ahalduntzeko Lege proposamena? Mario Benedettik, politikari buruz: “Erantzun guztiak genituela uste genuenean, bat-batean galdera guztiak aldatu zituzten”.♦
Azken iruzkinak