Gaur El Confidencial Digital-ek argitaratu du Egoitz Urrutikoetxeak, bere izenean, Parisko Diderot Paris 7 unibertsitatean lan bat aurkeztu zuela iaz. Lan hura erakutsi du hedabideak, PDF batean. PDFaren loturaren helbidean ikusten denez, txostena elconfidencialdigital.com-en agiritegian dago; eta hedabideko albistea, berriz, ez dago sinatua. Hariari tiraka hasi sarean, eta badago Egoitz Urrutikoetxearen lan hori; hark sinatutua dago, eta, behean ikusten den bezala, Diderot unibertsitatearen helbidea ageri da link luze baten erdian (baina unibertsitatearen webgune publikoan ez da ageri txosten hori; guk, behintzat, ez dugu aurkitu).

Diderot

Helbide horretan sartu, eta Urrutikoetxearen izena duen lanaren Office artxibo bat ateratzen da. Dokumentuaren tripetan arakatu, eta ikusi dugu Office hori iazko azaroan sortutako artxibo bat dela. El Confidencial Digital-ek dio Urrutikoetxeak lana iazko abenduan aurkeztu zuela unibertsitatean.

Esan ahal da bizitza publikoa egiten zebilela Egoitz Urrutikoetxea; gutxienez, ia urtebetean bai, bere izenpean (unibertsitatean, behintzat), atxilotzeko agindua izanda horrek zekarren arriskuarekin.

ETArekin lotuta, Poliziak asteartean atxilotu zuen, Paris inguruan, Saint Denisen. Gaur sartu dute kartzelan, baina kargurik leporatu gabe. Aurretik bere aurka zeuden hiru atxilotze aginduengatik espetxeratu dute.♦