1991 zen, Egunkaria sortu berria (1990-12-06), eta Jexux Mari Zalakain irakasle genuen EHUn, Kazetaritzan. Proiektua azalduz, proposatu zigun idazteko norberaren herriko lagun ezagun bati buruzko erreportaje bat hango azken orrialderako. Halaxe egin nuen neuk ere, eta halaxe atera zen Joxe Takolori buruzkoa Egunkaria-ren 1. urteurrenean. Zalakainek berak animatu gintuen gero euskaldunon egunkarian bekadun izateko azterketara aurkeztera. Halaxe egin genuen askok, eta halaxe hasi ginen bekadun Egunkaria-n 1992ko karnabaletan. Etxe honetan segitzen dugu.
Gaur askatuko dute Zalakain jauna. 18/98 auzian epaitu zuten, Egin-en Orain SA atalean, eta zortzi urtean eduki dute preso Dueñasko kartzelan (Palentzia, Espainia). “Atzerritarrentzako espetxean egon naiz. Aho zabalik geratzen dira astero daukagula lagunen bat lokutorioan zain, senideren bat bisean”, idatzi du Herria 2000 Eliza aldizkarian, espetxeko kroniken azken alean. “Aitortza bat egin behar badut nire azken kronika honetan, hauxe: oso kezkatuta noa, preso politikoen etorkizunari dagokionez. (…) Beterano batek esan dit: ‘Zu aterako zara, ni eta ni bezalakoak ateratzea da arazoa'”. ♦
Azken iruzkinak