Katalunian hainbat entitatek 2012an Generalitatearen estrategia nazioartean “saltzeko” erakunde bat sortu zuten: Diplocat partzuergoa. “Adostuta daukaguna da erabakitzeko eskubidearen alde gaudela”, dio Diplocateko idazkari nagusiak. “Baina oraintxe gure lana oso lotuta doa irtenbide politikoari. Horregatik, lan nagusia da azaltzea zergatik bihurtuko ditugun irailaren 27ko hauteskundeak plebiszitu”. Hiru zutabe nagusi ditu haren estrategiak: mundu akademikoa, nazioarteko prentsa eta atzerriko parlamentuak.
Euskal Herriak ez du horrelako erakunderik. Ez dago Katalunian bezalako batasunik, ez eta prozesu subiranistarik ere. Baina, bederen lurraldetasuna lantzearren, horren zain egon behar al da nazioarteari Euskal Herria badela erakusteko eta azaltzeko? Detaile bat: Bartzelona futbol klubak berriro plazaratu du munduan zenbat peña dituen —1.249—, eta taulan ez da ageri Euskal Herririk eta, gainera, aparte dauzka EAE (‘Pais Vasco’ gisa) eta Nafarroa —Aragoirekin eta Errioxarekin batera du Nafarroa—. Nork esan behar dio Bartzelona bati —Diplocateko kide da— EAE eta Nafarroa sikiera kasilla berean kokatzeko, eta Hego Euskal Herri bezala jartzeko? 145.000 bazkide izateaz gain, munduko bost kontinenteetan ditu peñakideak Bartzelonak: 152.000. Potentzia bat da.♦
Azken iruzkinak