Katalunian ICV eta Podemos elkarrekin aurkeztuko dira irailaren 27ko hauteskunde ‘autonomikoetara’. Aurrekoetan —2012an—, artean ez zegoen Podemosik. ICV bai, eta programako 30 lehentasunetan Kataluniako estatu propioa ere jarri zuen, 22. tokian kokatu arren. Joan Herrera ICVko buruak orduan BERRIAn: “Estatu propio bat proposatzen dugu, burujabetzaren bidez Espainiako Estatuarekin harreman federal edo konfederal berri bat sortuko duena, edo zuzenean Europako Batasunean egongo dena. Garrantzitsua da aukeretako bati ere ez ixtea atea, salbu eta oraingo egoeran gelditzekoari. Oso zaila ikusten dudan arren, ez diogu uko egiten itun berri bat adosteko aukerari; ez eta Katalunia Europako estatu izateko aukerari ere”. Oraingo bozetarako Podemosekin osatu duen koalizioak (15-17 aulki ematen dizkiote inkestek) ez du Kataluniaren independentziaren alde egiten, baina suma daiteke Kataluniak independentziarako urrats formala hasten badu ICVk ez lukeela prozesua oztopatuko.
Gaia (Hego) Euskal Herrira ekarrita, Roberto Uriarte EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusiak aitortu du bere alderdian badaudela independentistak, baina dio gutxiengo direla eta haiek gaur-gaurkoz ez dutela lehentasun independentzia. Dena dela, hemengo prozesu baterako ez da txarra independentistak edo euskal estatuaren aldekoak egotea alderdi ez-abertzale batean. Ahal Dugu-n (Hegoaldean ia-ia 200.000 boto azken bozetan) badira batzuk, beraz. Hori nobedadea da.♦
Azken iruzkinak