68 egun falta dira Kataluniako izaera plebiszitarioko hauteskundeetarako. Kartak mahai gainean daude: batzuk Kataluniaren independentziaren alde, besteak kontra. Aldekoen artean, zerrenda zabalak berritasun, gizarte zibilaren itzeleko protagonismoarekin. Inkesta batzuek diote goraka doala independentziaren kontrako hautua eta, gaur-gaurkoz, irabazle dela; seguru?
Iazko azaroaren 9ko galdeketaren emaitzak argigarriak izan ziren:
– 2.344.828 lagunek hartu zuten parte. Asko da, galdeketa ez zelako legezkoa eta, balitz ere, ez zelako lotzailea. Galdeketa hartan 16 eta 17 urtekoek ere bozkatu ahal zuten.
– Estatu independentearen alde 1.897.274 lagunek bozkatu zuten (%80,9k).
– Estatua bai, baina independentea ez, 234.848k.
– Bi aukeren kontra, 105.245ek.
1980tik hona Kataluniako Parlamenturako hauteskundeetan batez besteko parte hartzea %60koa izan da. Azkenekoetan izan zen partaidetzarik handiena, 2012koetan: %69koa; hain zuzen, Kataluniaren independentziaren gaia agenda politikoan egondako hitzordu bakarrean.
3.657.450 botoemaile izan ziren 2012ko bozetan. Azaroaren 9ko kontsultan estatu independentearen aldeko 1.897.274 botoak, 2012ko boto haien %52 lirateke. Legezko erreferendum batean (edo datorren irailaren 27ko hitzorduan), aldeko beste boto pila bat ere zaku berean sartuko dira, hain segur; tartean, estatuaren aldeko 234.848 boto haietatik asko, eta orduko galdeketa ez legezkoa-eta izateagatik parte hartzera animatu ez ziren beste mordoska bat. Ikusi egin behar zenbat aktibatuko den kontrako botoa.♦
Azken iruzkinak