Orain hiru aste Teresa Toda Sare plataformako kideak Azpeitiko solasaldi batean 1990eko hamarkadaren erditik aurrera euskal kazetarien artean presoen egoerari buruz egindako aldizkariaren ale batzuk erakutsi zituen. “Interneten-edo egin beharko genuke antzeko zerbait”, zioen.
1996ko urrian euskal komunikabideetako kide batzuek astebeteko baraua egin zuten Donostiako Artzain Onean. 45. txanda zen. Urriaren 22an, hedabideetako 666 langilek sinatutako agiri baten berri eman zuten prentsaurreko batean: Komunikabideetako langileak euskal presoak Euskal Herriratzearen alde. Sarrera Xabier Euzkitzek eta Mariano Ferrerrek egin ondoren, Martxelo Otamendik, Teresa Todak eta Luzien Etxezaharretak irakurri zuten idatzia, euskaraz, espainolez eta frantsesez. Hauxe zen:
“Idatzi honen bidez euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatu nahi dugu, legearen aurkakoa delako eta baita preso zein senideentzat zigor erantsia delako ere. Horregatik, sakabanaketa amaitzeko eskatzen dugu, eta hala nahi duten euskal preso guztiak Euskal Herrira ekartzea aldarrikatzen dugu. Honekin batera, preso guztiei dagozkien eskubideak errespetatzeko exijitzen dugu, eta bizi baldintza duinak izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Azkenik, komunikabideetako langileak izanik, gure lantokietan presoen inguruan ahalik eta informazio zuzenena eta kontrastatuena zabal dadin gure esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartzen dugu”.♦
(ondoren, aldizkari haien ale batzuen eta 1996ko urriko prentsaurrekoaren argazkiak).
Azken iruzkinak