Barruko zuhaitzak kanpora doaz, basora
hainbeste egun hutsik egon den baso horretara
non ezin zen txoririk pausatu
ez intsekturik gorde
ez eguzkiak ere oinak itzaletan sartu;
baso hori, hainbeste gau hutsik egona,
zuhaitzez beteta egongo da goizerako.
Gau guztian sustraiak lanean
portxeko zoruko
arrakaletatik askatu nahian.
Hostoak tenk kristalerantz
adaxkak zurrun eginahalaren eginahalaz
adar luze bihurrituak teilatupean nahaspila
senda-agiria jaso berri duten pazienteak bezala
erdi nahastuta
klinikako aterantz.
Barruan eserita nago, portxeko ateak zabalik
gutun luzeak idazten
baina doi-doi idatzi dut nola basoa
badoan etxetik.
Gaua fresko, ilargi betea dir-dir
zeru oraindik garbian
hosto- eta liken-usaina
aditzen da oraindik geletatik ahots baten gisan.
Xuxurlaz beterik daukat burua
baina isilduko dira biharko.
Entzun. Puskatzen ari da kristala.
Badoaz zuhaitzak estropezuka
gauerantz. Haiekin batera, haizea ziztuan.
Puskatu da ilargia ispilu bat bezala,
eta haren zatiek distira orain haritzik
garaienaren gailurrean.