Batzuetan
gure baitan paisaia urratu bat daramagu.
Lorategia zena belar txarrek hartu dute,
hesi hautsiek,
iratzeek,
lurrean dauden adaxkek.
Lorategi abandonatu bat daukagu barrenean,
eta ez dakigu noiz arte bizi ahal izango garen
beste batzuen oroitzapenetan
ezinezkoa zaigulako landareen hizkuntzan mintzatzea.
Batzuetan
bizitzea urpean geratutako herri batera bueltatu nahi izatea da.
Urtegia hustu eta etxerako buelta hartu nahiko genuke, ahal izatera.
Ez dugula inoiz leku propiorik izango sentitzen dugu,
urak dena hartu baitu.
Gauez euria deitzen dugu
eta egunez lehortearen zain egoten gara.
Batzuetan
min ematen diogu geure buruari.
Ikusi ez ditugun txoriak
eta bizi izan ez ditugun uneak
zenbatzen ditugu:
gertatu ez zena,
ia gertatu zena,
gertatzea nahi genuena.
Maite genuenaren etxearen aurretik igarotzean
hura ez dela egongo badakigu eta, hala ere,
sartu egiten gara barrura.
Batzuetan
hiri lokartu betean gaude,
doluzko arropak jantzita,
eta ohartu ere ez gara egiten edertasuna beti dagoela zelatan:
laino gorriek ilargia estaltzen dute,
eta, aldi berean, euria iragartzen.
Dolu-jantziek ez dute sobera berotzen, ordea.
Izan ere, gure inguruko jendea ez dago inoiz prest
agurrei, hausturei edo galerei buruz hitz egiteko.
Batzuetan
bizi izandako lekuaren parte bihurtu garela ematen du.
Edo ez:
beharbada gutako bakoitza leku bat da beste batendako.