Euskalgintzaren Kontseiluaren 25. urteurreneko ekitaldian irakurritako testua
Hizkuntzaren alde egitea jendearen alde egitea da,
bulkada eder bat, neguko itsasoa ere eder egiten duena.
Ez du amorerik ematen, arnasa hartzea bezalakoa da.
Hizkuntzaren alde egitea ados jartzea da,
kaio saldoak zerua gurutzatzeko ados jartzen direnean bezala,
elkarrekin joaten direnean nekea txikiagoa baita.
Hizkuntzaren alde egitea kausa galduen bilduma egiteari uko egitea da,
injustizien antologia egitea denean bezala,
edo ezinikusien zein etsaien zenbaketa egiten denean bezala.
Badago jendea itsasoaz ekaitz egunetan baizik oroitzen ez dena.
Euriak hartzen ditu neguko paisaia bustiak.
Dena goibeltzen dute euri kolpeek.
Zaila da laztasuna edertasunarekin estaltzea.
Itsasbeherak agerian uzten du egitate mingarrien lurraldea,
eta hondaleko lur galaraziak azaleratzen ditu.
Itsasargiek inor gutxik ikusten dituen seinale galduak egiten dituzte.
Irabazi eta galdu dugunaz galderak egiten ditugu maiz.
Ez da nahikoa gogoa, ez da aski nahi izatea.
Inor gabeko lurra da iragan-mina; haztearen mina da gurea, ordea.
Ontzia osatzeko piezak daude ontziolan.
Gila sendo bat, haizeak ontzia eraman ez dezan eta lastari eutsi diezaion.
Kemenaren definizioa zurajearen eta galipotaren arteko zerbait da.
Batzuetan buiak besterik ez dugu ikusten, gasolio-aztarnak, deslilura.
Hala ere, aurrera goaz.
Baditugu ontzia eraikitzeko planoak, teknika eta eskulana.
Talde bat eta norabide bat.
Pago egurrezko gila bat.