Lurraren erraietara nekez iristen zen argia.
Dena zen gaua, dena da isiltasuna.
Urak eta lokatzak kamusten zuten hezurreria.
Izenik ere ez zuten hezurkiak itzalaren mendekoak ziren.
Egun-argiaren zantzuak ahulak ziren oroitu nahi ez zuenarendako.
Lurraren barrenean iragana gordetzen zen.
Iragan lausoa eta mingarria aldi berean.
Harriekin bat egiten zuten ez-memoriak eta absentziak.
Lurraren erraietara ez zen argitasunik iritsi
geldikinak lurretik erauzi eta izendatu genituen arte,
oroitzapenak orainaldira ekarri genituen arte,
laguntasunaren babesa sumatu genuen arte.
Galdutakoa zaila da neurtzen,
baina zenbatu ditzakegu argitara ekarritako izenak.
Eremu laiotza da memoria,
justiziaren atezura eramaten gaituena
eta gotortutako minak arintzen dituena.
Oroitzen dugulako, iluna zena argi bihurtzen da;
zatia zena, osotasun;
urrutikoa, hurbil;
izengabea, izendun.
Memoriak taxutzen digu etorkizuna,
eta ez baditugu emakumeak gogora ekartzen,
ez baditugu garaituak gogora aipatzen,
doilorkeria eta atsekabea ez dira guztiz desagertuko.
Izan ere, memoriak pitzadurarik gabekoa behar du,
salbuespenik gabekoa.
Atzoa deskorapilatu gabe ez dago oraina ulertzerik.
Lurpean ezkutatuta dagoen guztia azalera ekarri ezean ez dago aurrera egiterik.