Batzuei,
erran nahi baita, guztiei ez.
Gehienei ere ez, gutxi-gutxiri baino ez.
Ez kontuan hartu eskolak, hor derrigorrezkoa da-eta,
eta poetak beraiek ere bazter utzita,
mila lagunetik biri gustatzen zaie.
Gustatzen zaie,
bati fideo-zopa gustatzen zaion gisan,
bati kunplimenduak eta urdin kolorea gustatzen zaion
gisan,
bati bufanda zaharra gustatzen zaion gisan,
bati beti berea lortzea gustatzen zaion gisan,
bati txakurrari laztan egitea gustatzen zaion gisan.
Poesia,
baina zer da poesia.
Zalantzazko erantzun bat baino gehiago
eman zaio galdera horri.
Eta jakin, nik ez dakit, eta gogor heltzen natzaio poesiari
helduleku bati heltzen zaion gisa berean.