Egurrak, oihal gihartsuen gisa, sastre arotzen menera: haritza branka eta korastarako; akazia txarrantxetarako; tapetarako pinua; eukaliptoa zeinahi ataletarako. Basoaren taupada, itsasoaz ezjakin. Eta sustraiak urrun, lurrari lotutako aingurak, haize-arrosari madarikazioka. Miren Agur Meabe Irudia: Arturs Kipsts
Hilabetea: urtarrila 2022
Txoriaren nolakoa
Ura zer den egarriak irakasten du. Lurra — igarotako Itsasoak. Bozkarioa — Saminaldiak — Bakea — Batailen omenak — Maitasuna, Lurpeak — Txoriaren nolakoa, elurrak esaten du. Emily Dickinson Itzulpena: Angel Erro Irudia: Aaron Burden
Ezkutukoak
Hitzak aski ez izateko, heriotzaren bat izan behar da bihotzean. Alejandra Pizarnik Itzulpena: Asier Sarasola Irudia: Elurre Iriarte
Maitatzeak
ohe ondoan kandela bat piztuta utzi eta ur bila altxatzearen antza du maiz ez ote den leihotik haize fin bat sartuko ez ote duzun itzuleran dena sutan topatuko. Itziar Ugarte Irudia: Mathilde Langevin
Orbainak
Gure aitonak orbaina dauka urdailean.Gure amonak orbaina dauka bularrean.Gure amak orbaina dauka eztarrian.Gure aitak orbaina dauka belaunean.Nire maitaleak orbaina dauka saihetsean.Nire bizitzak ez dauka orbainik. Mantxak bakarrik.Olioa, erretako denbora:Urratu bat. Luna Miguel Itzulpena: Castillo Suárez Irudia: Annaliesse Venevides
Bikote baten deseraikitzea
Batzuetan norbait benetan ezagutzen duzula sentitzen duzu. Haren erraiak zureak bezalakoak balira bezala, eurizkoak eta antzuak; udaberria gorroto duzuela, ziklo-hasiera guztiak gorroto dituzuen bezala. Inoiz elkar ikusi ez duzuen arren, besarkada bat ematera ausartuko zarela badakizu, heriotza saihesteko edo biziari mendekatzeko, berdin gisan. Zure hizkuntza ez dakitenekin hori da egin dezakezun gauza bakarra, zure besoez…