Martin Ugalde gogoan
Ez zigun inork irakatsi,
baina beti jakin genuen herra eta maitasuna bereizten,
eta gure biziak mugak zituela nonahi:
eurite sasoian bidea mozten zuen erreka bat,
parajeak ezezagun egiten zituen elurte bat,
bidea mozten zuen zuhaitz zain-irauli bat
albokoak ezkutatzen zituen mendilerro bat.
Ez zigun inork esan
askatasunari jarritako mugak
izanen zirela gure aginpidea:
eskolara edo lanera joan ahal izateko igaro beharreko checkpoint bat,
nor garen eta ez nor izan nahiko genukeen esatera behartzen gaituen aduana bat,
itoginez betetako errefuxiatuendako eremu bat,
belardi on bat zeharkatzen duen trenbide bat,
baserri eraitsi bat ezkutatzen duen hipermerkatu bat.
Bakarminean bizi gintezke,
laino trinko batean ezkutaturik,
isilaldi batean,
mugarik gabeko toki batean.
Hor ez ginateke ez arrotz ezta atzerritar ere.
Ederra zitekeen,
baina ederragoa da libre ez garela aitortzea elkarri,
egunkari bat behar dugula egunero nor izan nahi dugun baieztatzeko,
bulkada eder bat poema bat osatzeko,
min bat kanta bat osatzeko.
Ederra zitekeen atzerria non hasten den jakin gabe bizitzea,
inorenak ez diren lurretan;
baina ederragoa da jakitea
mugak egiten gaituela bertako,
bestearen hizkuntzan esandako agur hitz batekin egiten dugula hura pareko,
besteen esanek egiten gaituztela bagarena,
eta gure hitzek jabe berriak dituztenean direla gureago.
Kanta batean laketu gintezke jabetzarik ezean.
Egunkari batean iraun genezake enbaxadarik ez dugun bitartean.