Ez zaude.
Apokalipsiak festa-jantzia ipini
eta distopia hitzak ahoa goxatu digunean.
Ez zaude.
Baserrian ahuntzak ahumeak egin
eta zure alabak hontzei iragarri dienean.
Ez zaude jada.
Supermerkatuko otarrainxka-paketean
Cocidos etiketaren ordez Covid-2 irakurri dudanean.
Ez zaude.
Hilkutxek txanda gorde behar dute.
Ejerzitoak zorrotzago estutzen ari dira mugak.
Ez zaude.
Geranioari galdetzen diot nola eutsi
bete-betean joko nauen oinaztarririk etorri ezean.
Ez zaude, ezetz.
Zure lankideak kalera bota dituzte, dendak itxi,
barazkiak zarrasteldu egin dira, artistak isildu.
Ez zaude.
Ganbara hustu dut, ilea tindatu, lapikoa astindu.
Amodioa zure itzalarekin egiten jarraitzen dut.
Ez zaude.
Andre mozkorti bat ujika dabil plazan
berarentzat delakoan balkoietako txalo-zaparrada.
Ez zaude, ez.
Trakeotomiak. Giltzurrun erauzketak. Zorabioak.
Isuriak. Endotelio lehertuak. Konbultsioak.
Ez zaude jada, esan dut, bai.
Bazeunde, esango zenuke, Winchester bati oratuta:
“Kanpora, Satanas! Ni Rambo berria naiz!”.
Triste, triste jarri da mundua.
Lacrimosa dies irae, lacrimosa dies illa.
Min oro da absolutua. Min oro da erlatiboa.
Ez dakit non den zentzabidea.
Olatuak. Uhartea. Kalatxoriak.
Faltan dut zure hatz-koskorren deia atean,
sekula izango ez dugun hitz ase eder luzea.