Etxeak fundatu egiten dira nazioak bezala
eta gero hedatu egiten dira.
Etxeak fundatu egiten dira
maitasunaren izenean, betirako.
Bizitzeko araudi bilakatzen dira ohiturak
eta araudiak, aztura; eta azturak, natura;
eta natura, gauzen izaera beharrezkoa.
Zopari derrigor bota beharreko tomateak
antzinako usadioen ukitua du;
zainzuriak bi saltsatan sarrera gisa
hastapenetako dekretuetan ageri da;
eta ogi haziduna; eta legatza, saltsan;
eta Larraburuko hojaldre tarta mermeladaduna
fundazio garaitan Ikean erositako jantokian.
Argi iragazia, elkarrizketa arina,
bidenabarrekoa balitz bezala. Intimitate arraro hau
ia gehiegizkoa.
Komuneko muturreko garbiĆasuna
ez da puritanismoaren seinale
lege izatearen arrazoia ahantzitako legea baizik.
Egongelako jardueren zuhurtzia
ideologia nagusiaren morroi denez
Brahms heresiara kondenatuko da
hala nola Purcell, amerikana osoa eta korridoak.
Popa hartzen da naturaltzat
eta oheratu aurretik telebista ikustea.
Logelako atearen beste aldean datza egia
egia bakarra izaretan binaka ezarria.
Diote maiĆasunarengatik fundatzen direla etxeak
baina fundatu behar direlako fundatzen dira,
arrasoan, bestela, hotz egiten duelako.
Eta urteak igarotzen dira gero.
Lababoko ileek ez dute ja
gizarte larritasunik sortzen.
Logelako ate itxiak epaiketa jauregia dirudi
eta dekretu absurdoak aldarrikatzen dira:
zainzuriak maionesa hutsarekin, haragia igandeetan,
Larraburuko tarta data berezietan bakarrik.
Alfonbra bat agertu da ez zegoen tokian
propagandaren indarrez deitzen da iragana
orainera. Leihoetako kristalek
zikin-gandua dute eta kanpora alde egin beharra
nagusitzen hasiko da hiriaren konkistan.
Auzoa lehendabizi, erdiguneko karrikak gero.
Itzultzean, gauzek ardatzik gabe dirudite,
lore-ontzia ezkerretaraxeago dago,
sofa eskuinetarantz mugitu du norbaitek
Iiburuen ordenak aldaturik ematen du,
lagun uste genuena ezagun baino ez da.
Denak dirudi oraindik birendako,
dena da, izan, birendako baina
bi egia dabiltza honezkero.
Etxeak fundatu egiten dira
baina hautsak harrotuz erortzen dira
antzinako inperioen modura.
Legeak letra mortu dira, azturak, arrotz,
naturari artifizioaren kutsadura dario.
Ez dago besterik: kanpoko atea isilean itxi
eta arrasora atera. Hotz egiten du.
Ortziak ez du inoiz arraposturik izan.
Zertarako galdetu orain?