Batzuetan nahi duzun tokian zaude eta bestetan ez
batzuetan nahiko ez zenukeen tokian egoten zara
ezinezkoa izaten da nahi duzun lekura joatea
nahi duzunean tokiz aldatu eta
bizi izan duzun hori guztia
batetik bestera zeurekin eramatea
batzuetan libre mugi zaitezke eta bestetan ez
batzuetan ezin zaitezke mugi
edo ez duzu nahi
batzuetan zeuk nahi ez duzun toki batekoa zara
beste batzuetan zaren tokikoa nahiko zenuke izan
baina ez da erraza inon
batzuetan beste baten larruan bizi nahiko zenuke
beste etxe batean beste kale batean
eta bestetan zeuk nahi duzun kalekoa zara…
zauden zaudenaren neurrira egina doi-doi
batzuetan zauden tokikoa zara
eta askotan ez dakizu nongoa zaren
edo ez dizute uzten
batzuetan nahi duzuna zara
bestetan beste bat zara
inoren baitatik kendu atera erauzi eta
beste nonbait txertatua
batzuetan beste norbait izan nahiko zenuke
eta nahi ez duzula ere
ezinbestean zeure soinari hertsiki josia
ia beti
zu zeu baino ez zara