gogorra behar du izan
aingirei burua moztea
norberaren atzamarrak moztu gabe
gorputza bihurritzea,
bisiguaren ezkatek estali ez zintzaten
oheko izaren soka-lasterrei ihes egitea
gau itsuetan
uretan ikaragarri hazten ziren garbantzu aleen aurka
burutzen zenituen gudak
zeregin hutsala
dilistak arroz aleetatik banatzea
a ze inpotentzia esne egosiak gainez egitean
geldiezin
zartaginen zaratotsak ez zizun
musika entzuten uzten
zure frantses eta alemanaren ezagutzak
alferrikakoak ziren sutegiko koipeen aurka
eta hoditeriak umeak bezala oihukatzen zuen
kalatxoriak eta patatak
kazola hondoan itsasten zirenean
zergatik zaude argazkietan irribarrez
ama?