Bihotzean daramaguna
gure hizkuntzaz baino ezin dugu adierazi.
Hitzak behar ditugu
maitasunaz hitz egiteko,
edo heriotzaz.
Hitzak behar ditugu
izendatzeko atsegin duguna zein gorroto duguna.
Hitzak behar ditugu
herabe gaudenean nagiak ateratzeko,
haserre gaudenean adiskidetzeko,
herriminez gaudenean urrutikoak gerturatzeko.
Gure hitzek lekukoak behar dituzte
gure galderak entzungo dituztenak,
gure eskaerak,
gure damuak ere bai.
Gure hitzek magala behar dute laketzeko.
Izan ere, lore zauritua da gure hizkuntza:
ederra eta, aldi berean, zaurgarria.
Gure hitzek babesa behar dute.
Babesik jaso gabe, ez baitago irauterik.
Babesik eman gabe, ez baitago bizitzerik.
Castillo Suárez
Irudia: Leire Salaberria