Ahoa lehortzen didan hilbeltzeko hotzarekin.
Kalkulua eta arnasa eskutik batzuetan.
Inoiz edo behin urak jalkitzean duen kolorea hartuz.
Kosta zait ulertzea
ez dagoela eskua altxatuz zirkulu perfektu bat marraztuko duenik
bizitzari berotasuna ematen dion nerbioari uko egin gabe.
Poeman ibai bat bezala pentsatzeko.
Ibaia zeharkatzen duenak badaki nolako ur emaria duen:
animalia hondoan
ilea prestatzen
mudarako.
Animaliaren gorputzak ez du itzalik proiektatzen
eta ezerk ez ditu bere hitzak gainditzen
idazketa orain bakar bat da
ibaian zehar
oinez dabilena
bere ingurunea eta iturburua marratzen.
Ibaiak ez du zalantza egiten baina oroitzen du.
Zapaldu nuen lurra urpetzeko zabaltzen da
urrutian dabilen animaliaren oinatza ezabatzeko
neure oinatza bera, ahaztera zigortzen nauena.
Ahaztuko dut eskuek beren bolumena ahaztu zuten bezala
orduen pisu motela
egun zoriontsuenetan
Gonzalo Hermo
Itzulpena: Eneko Aizpurua
Irudia: Oskar Alegria