Joseba Otondo, Joanmari Larrarte eta Miren Agur Meaberendako.
Badakit zeintzuk diren arrastoak uzten dizkidaten gauzak.
Batzuetan esan gabeko hitzak dira.
Besteetan telefono deiak desorduetan.
Elurteak.
Zauriak seinalatzen dizkidatenak.
Ez dakit ze arrasto uzten dudan besteengan
beti nabilelako hautatzen nire begiraden esanahia.
Arrangura ezkutatzeko begiak dira nireak,
ezin asmatuzko kolore batekoak.
Zer garen.
Zer izan gintezkeen.
Zer izango garen.
Nik ez dakit
horri buruz zer esan.
Baina badakit ederra dela bakardadea zuekin,
motz jandako larrea dela gurea,
hemen geratuko nintzatekeela, ahal izatera.
Ez naiz isiltasunean hondoratzen den horietakoa,
baina hitzen bila abiatu beharko nuke,
fereken bila, gorputzik banu,
belagaietara itzuli.
Neurria hartu bilatzen dudanari,
eta, hain zuzen, hori eskaini zuei.
Maitasuna da ezkutatu ezin daitekeen gauza bakarra.
Beti egon da hor.
Beti egonen da hor.
Dena galdutzat emanen dugunean ere.