Aitortzen ez ditudan gauza guztiekin
egiten dut lo.
Iratze-sailak zeharkatu nahiko nituzke
ametsetan,
eta ni ere loratuko ez naizela esan
nire baitako gizonei.
Esporak utzi izaren artean
hatzak
nire sexuan sartzen dituzten bitartean.
Behar ditudala esan
lingua franca batean,
denek ulertzeko moduan.
Bezperako arropa jantzi.
Nagoen tokiaren
eta egon nahiko nukeenaren arteko distantzia da
bakardadea.