Dena daukagu egiteko, baita geu ere. Hitzekin egiten nauzu, trikuekin eta marmokekin, zure kantuekin, laranja atalekin, egingo ditugun gauza guzti-guztiekin; eramango nauzun lekuetan nabil orain, mapak aztertzen ditut, bideak bilatzen ditut, baina ez dut ezer behartu nahi, ez dut nahi gauzak hala eta hala izan daitezen, izan daitezen baino ez dut nahi, egin ditzagun baino ez. Badakit perfektua izango dela. Behartu gabe nahi zaitut, bezatu gabe, baretu gabe nahi zaitut bare. Presarik gabe eta kezkarik gabe nahi zaitut. Behar zaitut, baina batez ere nahi zaitut. Niretzat nahi zaitut, zurea nahi zaitut.
Zer izango da zu izatea?
Zu izaten nahi zaitut, eta beldurrik gabe izaten zu, oraintxe arte bezalaxe, eta zurekin hasi nahi dut mundua berriz izendatzen. Eta nagoen lekuan egoten, une bakoitza bakarra dela jabetzen, eta denak direla bereziak, denek egiten gaituztela gu, denek egin gaituztela. Ez dakit zein egun zen, berdin zait, larunbata zen, sentitu egin nuen niretzat zinela, zenbat urtez ibili ginen gelan batera, bila joan nintzaizun, hemen zeundela esan didate eta etorri egin naiz. Harrezkeroko une bakoitza izan da ederra, da ederra.
Behar dudan guztia zara, eta zaren guztia behar dut.
Xabier Gantzarain
Irudia: Valerie Elash