Marinelek gogoa itsasoan dute beti,
bertze nahirik ez omen.
Lehorrean, belak, mesana masta,
lema faltan dituzte, mortu hezea.
Lehorrean marinelek
dakiten latin murritza
nauigare necesse est, uiuere non
delakora mugatzen da.
Gu, lehorrekook,
hainbertzeko oroiminak,
hain saudade mingarriak
hunkitzen gaitu
eta marinelei buruzko poemak
idazteari ekiten diogu.
Guk, lehorrekook, gure lehorrean
inola ere ez dakiguna da
marinelak, itsasoan bakarka,
zeren minak ote dauden, zeren.