Izen ezabatuak

 

Gure aita pixkana-pixkana joan zen galtzen hizketarako gaitasuna.
Izenekin hasi zen.

Bere burmuinak, guk uste ez bezala,

ez zituen lehenbizi ahantzi
adberbioak edo izenordeak edo adjektiboak,
ezta preposizioak ere,
izenak baizik.

 

Sagarrak utzi zion sagarra izateari,
edalontzia hori izatera pasatu zen,
eta hurbiltzen zirenek ez zuten jada izenik.

 

Heriotza, poliki, bere lana egiten hasi zen:
izenak lapurtu zizkion aitari,
ezabatu,

haien ordez hau edo hura utzi,
edo eman, edo zerbait zezelka esana, edo esku-keinu bat.

 

Azken-azkena aditzak galtzen dira,
odolean arrainen gisa mugitzen baitira
mundua bukatu arte,
gorputzak arimari eutsi ezin dion arte.

 

Adjektiboak amultsuak dira,
amodioz inguratzen dute begiratzen duten guztia,
horregatik diraute bizirik.

 

Baina izenak lanbrotu egiten dira.
Eta izenen gaia
ezerez bihurtzen da, laino, ke.

 

Sagarrak utzi egiten dio sagar izateari.
Oinaze hitzak,
harrigarriro,
ez du deus esan nahi.

 

Juan Vicente Piqueras
Itzulpena: Fernando Rey
Irudia: Marcus Löfvenberg