Esan nahi dizut esan nahi ez dizudana. Badakidala zer pentsatzen duzun: dena dakizula nitaz nor naizen izan ezik. Neure kontra egin nahi dudala zurekin. Izenik ez duenak ere zure izena daramala. Koldarraren bakardadea dela nirea. Ez ditudala bereizten ahal amodioa eta gupida. Maite dudala gal zintzakedala sentitzea. Zapaldu gabeko elurra dela geure artekoa.
Horretaz guztiaz idatzi beharko nuke joan izan ez bazina.
Baina hemen nagoen arren, hangoa naiz. Hazi egiten naiz galerekin.
Nirea ez zarelako maite zaitut, nirea ez zaitezen izan. Eta atzera begiratzea galarazten diot neure buruari ez baita heldu elurra atertzeko denbora.