Gudariak

 

Irail batez, Gudari Egunarekin, liburu azokara

eraman gintuen amak, familiakoak bisitatzera.

Manifa ostean poliziak gogor eraso zuen,

Miguel Sanchez-Ostizen azkenaren salmenta

kolokan jartzeraino oldarkor.

 

Ofentsiba haren unerik kritikoenean

mostradore azpian ezkutatu genuen

zakurren borretatik ihesi zetorren gaztea.

Disimuluz, liburuak erosi eta saldu genituen,

polizien begiradak iaioki driblatu bitartean.

 

Liburu-saltzaileen familia batean sortzea

abentura da, eta hori ez da abantaila bakarra,

liburu edo diskoen faltarik ez baitugu sekula izan.

Garaiko pilotakada eta ke poteen neurrian

izan ditugu beti eskura, nahi adina.

 

Familiako liburu-dendetan pasatzen genituen

arratsaldeak, liburuen prezioak lapitzez jartzen,

gazte literatura saileko sekretuak desestaltzen.

Letra arteko giro horrek, ordea, ez zigun

irakurzaletasunaren bide maldatsua aski lautu.

 

Gaur, sendiko oreka ezin harmonikoago hori

pitzatu da, egoerak leher egin du eta mesfi dantza

eta errezeloak nagusitu dira gurean. Baina, aizu,

nola jakin ahal nuen nik heriozko bekatua dela

Paul Auster nor den galdetzea.

 

Enpin…

Gora gure gudariak.

Gora liburu-saltzaileak.

 

Unai Maleski
Irudia: Ainara Azpiazu “Axpi”

Utzi erantzuna