Geu baino gehiago da geure geroa

Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda eta Oihan Arnatzendako;

eta auziperatutako gainerako Altsasuko gazteendako.

 

Beti pentsatu dut ingurua ez dela aldatzen. Urtaroak joan eta etorri egiten direla, baina denak jarraitzen duela berdin. Gu garela aldatu egiten garenak, eta, gehienetan, ezta hori ere. Bistatik kentzen dizkigutela etsai zein lagunak, auzokoak eta atzerrikoak, baina gure bizitza ez dela aldatzen. Ohitu garela hutsuneak zenbatzen. Ohitu garela arnasa hartzen pankartei erreparatu gabe. Nahiago ditugula kale garbiak. Paisaiaren osagai bihurtu garela gu ere. Ibileran edo hitz egiteko moduan nabari zaigula. Horregatik, gaur, oraindik hemen nagoela pentsatu nahi dut. Ez naizela orbela bezala desagertu, haizeak eramanda.

 

Kalea inoiz baino beteago dago gaur, baina, aldi berean, hutsik. Ez dira hiru izen falta bakarrik. Asko dira ezpondetan, leize-zuloetan, bainu-ontzietan eta epaitegietako geletan geratu direnak. Badakit galdutako asko ez dela itzuliko sekula, baina zenbatzeari eta kontatzeari emana nago gaur. Indarrean eraman dituztenak gogoratu nahi ditut, banan bana. Ez direnak etorri. Etorri direnak baina hegalak hautsita. Herriko min oro ekarri nahi dut hona. Mina zenbatzen dakien herri bat nahi dut niretako.

 

Baina geu baino gehiago da geure geroa. Iragan-mina baino gehiago da. Maite dugun jendeak areago maite behar dugunari ez dio tokirik uzten maiz bihotzeko zuloan. Ez du pertsona bakoitzak bere toki doia. Eta egon daiteke lurrik gabeko inor, baina ez maitasunik gabekoa. Ez dago pertsona bakar bat ere egingo duenik aurrera maite dituenak oroitu gabe. Oroitu eta maitatu. Gauza singlea dirudi, baina beste gauza askori jartzen diegu arreta maiz. Beste lan batzuei lotzen gatzaizkio. Baina, badugu azkeneraino zaindu beharreko jendea. Ez daitezen urrun sentitu. Ez daitezen bakarrik egon.

 

Castillo Suárez
Irudia: Ainara Lasa

Utzi erantzuna