Abandonatu nauen jendeari maitagarria deritzot
maitagarria eta batez ere argia
argia ihesa bertutea izan daitekeelako
bertutea traizioa edo hilketa izan daitezkeen bezala
baina traizioa edo hilketa baino dotoreago beti
askoz dotoreago beti ohea gau erdian isilean uztea
eta isilean musu ematea
azken musua azken keinu gozoa
gozoa aurrez aurre arantzak trukatzearen aldean
eta gutxienez gogoratzearen ariketa
ariketa lausoa posible bihurtzen da horrela
haizearen tolesturetan
kapera txiki bat eraiki daiteke eta bertan gorde
bertan gorde eroritako idoloak
eta guretzat aspaldi lokartu ziren begiak.