Memoria

 

Memoria iragana baino gehiago da.
Iraganak lekukoak behar ditu,
garaileak,
garaituak,
balak,
zauriak,
hildakoak,
debekuak
eta zigorrak.
Memoriak, ordea, ezin du kanpoan ezer utzi;
samina eta nahigabea izendatu behar ditu,
akordua eta aitortza.
Memoria etorkizuna ere bada.

 

Iragana isila da.
Ezkutatu eta gotortu egiten da
ezpondetako mitxoletetan,
leizeetako hondoetan,
artxibategietako agirietan,
kartzeletako ziegetan,
esan gabeko hitzetan.
Minkiderik ez du iraganak.
Gordean edukitzen ditu egiak.
Memoriak, ordea,
gure hildakoen gaineko lurra zapaltzen ari garela oroitarazten digu,
izenik gabeko gorpuen mapa bukatu gabe dugula,
albo kaltetuen zein zuzenekoen zerrenda bukatu gabe dugula.
Memoriak ez du atseden hartzen azaleratu gabeko egiak daudelako oraindik.

 

Iragana gizonena da
zerrendetan gizonak bakarrik agertu direlako urteetan:
preso eramandakoak,
fusilatutakoak
eta nahitaez frontera joan behar izan zutenak.
Baina Memorian emakumeak ere badaude:
ilerik gabe kalez kale ibiltzera behartu zituztenak,
bortxatu zituztenak,
herritik bota zituztenak,
negar egitea ere debekatu zietenak
—samina ezkutatzea samin hori handitzea baita.

 

Iragana nork bere baitan daraman denbora zatia da.
Memoria, ordea, urratutako denbora osatzen laguntzen diguna da.

 

Castillo Suárez
Irudia: Monica Galentino

Utzi erantzuna