Pertsona berezi batentzako aholkuak

 

Zabiltza kontuz boterearekin:

haren jausiak lurpera zaitzake;

elurra, elurra, elurra, zeure muinoa ito arte.

 

Zabiltza kontuz gorrotoarekin:

ahoa irekitzen duenean zeure burua

kanpora egotz zenezake,

eta zure zangoa irentsi, bat-bateko legenardun.

 

Zabiltza kontuz zure lagunekin,

haiek traizionatzen dituzunean

—gertatuko da—,

komun-zuloan sartuko dutelako euren burua,

eta kateari tiratu gero.

 

Zabiltza kontuz adimenarekin,

sobera baitaki ez dakiela ezer:

orkatiletatik zintzilik utziko zaitu.

Hark jakinduria ahoskatu ahala, zuri bihotza

ahotik irteten zaizu.

 

Zabiltza kontuz jolasekin, antzezpenekin,

aurrez prestatutako hitzaldi jakinekin,

emana datorrenarekin,

saldu egingo zaituztelako

eta umetxo biluzi bilakatuko zara gero,

zeure sehaskan txiza bero.

 

Zabiltza kontuz maitasunarekin

(benetakoa izan

eta zeure izatearen zati bakoitzak baiezkoa esan

ezean, behatz txikiak barne),

momia baten gisan bilduko zaituelako,

eta zure oihua ez du inork entzungo,

eta zure lasterka ahaleginak alferrik dira izango.

 

Maitasuna? Dela gizona. Dela emakumea.

Haren gainean irristatu nahi duzun olatua behar du izan,

hari zure gorputza eta zure irribarrea

eman nahi dizkiozuna,

hondar harritsuak menpean zauzkanean

zeure malkoak lurrari eman nahia.

Inor maitatzea otoitzaren

antzeko zerbait da, ezin aurreikus daiteke;

zure sinesmenak zure sinesgaiztasuna

desegin du, eta haren besoetan erori zara.

 

Pertsona berezi hori,

nik, zu banintz, ez nieke arretarik eskainiko

nigandik datozen aholkuei,

zeure hitzetatik atera ditudalako hein batean,

eta nireetatik beste hein batean.

Lankidetza bat dira.

Ez dut esandako hitz bat bera ere sinesten,

salbu eta bakarren bat,

salbu eta zuhaitz gazte baten eran

ikusten zaitudala,

itsatsitako hostoak dituzun zuhaitza, sustraituko dena ziur,

badakit benetako berdetasuna etorriko zaizula.

 

Hala bedi. Hala bedi…

Oi, pertsona berezi hori,

balizko hostoetarantz zoazenean

gustuko zaitu idazmakina honek,

baina kristalezko edalontziak apurtu nahi ditu,

halaber, zure alde:

arbolazal iluna astintzen dutenean,

zu derrepente airean igeri dabilen

puxika bat izatea

ospatu nahi du.

 

Anne Sexton
Itzulpena: Harkaitz Cano
Irudia: Mohamed Said

Utzi erantzuna