Ez dakit beste norbaiten zapatak jantzi dituzun noizbait. Maitale desleial batenak, esate baterako, harengana hurbilduko zintuztelakoan. Ez dakit brikolaje aulki deseroso batean egon zaren bere zain, eta tarteka emakume tristeagoekin larrua jo.
Agian zain zaude petrolio plataforma abandonatu batean, bizilagunen zoriona jasateko gai ez zarelako. Ahaztu dituzu seme-alaben izenak ere.
Gonbidatu lotsatia zara, apika. Ez dakizu dantzan, baina agertokira igoko zinateke eta kantuz hasi, badakizulako heriotzak ez duela inor kantuz harrapatzen.
Beharbada erauzi egin dizkizute hegalak, errautsa jarri betazalen azpian, arkatz hautsiez altxatu ezkatak, edota lixibaz busti ezpainak. Min hori ezaguna zait. Min guztiak dira berdinak.