Zerua berun

 

Batzuetan pertsiana artetik sartzen den argiari begira harrapatzen dut neure burua, edo itsasertzeko errepideetatik gidatzen etxerako ordua luzatzeko. Neure buruarekin bakea egin nahian egoten naiz, mundua buruan kabitzen ez zaidalako. Saihetsetik zelatatzen ditudan horiek kontura ez daitezen nire beldurra haiena baino handiagoa dela.

 

Ez dut balio arrangura isilean eramateko: zure etxerako bidea hartuko dut. Elurretan etzango gara. Minak eta amorruak erakutsiko dizkiogu elkarri, azala eta erraiak. Jatera emango diegu, bortxan. Gure neurrira egindako kaioletan bizi garela ahaztuko zaigu une batez. Ateak eta leihoak porlanez itxita dauzkan etxea dela gurea. Gure etxea ez dela gurea. Ez dela inoiz gurea izan. Haur erbesteratuen bizilekua izan dela beti.

 

Esango dizut jendea ez dela sekula oroitzapenetakoa, eta baietz erantzuten didazula irudituko zait. Irribarre egingo didazu albotik. Zoriontsu egin zaituzten kantuak daramatzazu ezpainetan. Pozaren zaporea dute zure malkoek. Konturatu gabe helduko diogu eskutik elkarri. Izara artean aurkituko dugu elkar.

 

Batzuetan hain ezkutatzen zara ondo, inor ez da zu bilatzera ausartzen. Paper zuria zara. Ez-denbora batean bizi zara. Hitz bat asmatu beharko litzateke iragana ezabatzen duen gogoaren eremurako. Deitu bihotza, nahi baduzu. Besteak bezain arrotzak gara nor bere buruarekiko. Iragana gara. Bihotz deserrituak. Aberririk gabeko gorputzak.

 

Castillo Suárez
Irudia: Maite Mutuberria

Utzi erantzuna