Zeru berriak

 

Behar dudan guztia zara, eta zaren guztia behar dut. Zenbat gauza zara, zenbat zu biltzen dira bi hizki horietan, zenbat jende daramazu barruan, zenbat mende begietan, zenbat leku, nongoak dira zure ileetan kiribiltzen diren zeruak? Zapaldu gabe azpian hartu nauten zeruak oroitzera egiten dut batzuetan, zailenak dira pintatzen, Turnerren zeruak ikustera eraman nahi zaitut, hamazazpi urte neuzkan, bakarrik joan nintzen Donostiara, handik hartu behar nuen Londreserako autobusa, festak ziren Baionan, pinuak zeuden errepidearen bi aldeetara Landetan, eguzki-lore sail ikaragarri ederrak zeharkatu genituen, hau da Frantzia beraz, gauez pasa ginen Paris ondotik, bazen motiborik Argien Hiria deitzeko, goiz albarekin iritsi ginen Calaisera, eta han zerua ilunagoa zen, trinkoagoa, baina ez zen astuna, zabalagoa zen, ez dakit, edan egin nahi nuen zeru hura, zure zeruak edan nahi ditudan bezala.

 

Orduantxe bezalako desioz so egiten diot munduari orain. Eta zurekin egoteko gogoak hartzen nau, mundutik desapuntatzeko, eta gu geu izateko mundua. Eta zugan aurkitzeko eguzki-lore sailak, amapola zelaiak, itsaso larriak eta zeru berriak. Eta zurekin bizitzeko.

 

Begiratu eta zu ez ikustea izango da heriotza.

 

Xabier Gantzarain
Irudia: Ainara Lasa

Utzi erantzuna